“Busti zaitez” kanpainari egindako harrera ona eskertu dute ADEMGI elkarteak eta Oñatiko bazkideak
14. aldiz egin zen gurean esklerosi anizkoitzaren aldeko Busti zaitez kanpaina, atzo. Donostiatik bidali zen material gehiena saldu zen, bereziki, emakume eta gizonezkoen tamainako kamiseta eta izerditako edo sudaderak, toallak eta motxilak saldu ziren eta umeen arropak geratu ziren, nagusiki. Eguraldia lagun, goiza politto joan zela adierazi digu Jose Luis Calvok, ADEMGIk Oñatin duen bazkideak eta herrian egin zen ekintzaren arduradunak. Galdezka hurbildutakoak ere ugari izan zirela esan digu.
Calvok publikoki eskertu nahi ditu herritar guztiak, Txokolateixa eta koadrilako lagunak, bakoitzaren ekarpen eta esku zabaltasunik gabe halako kanpaina aurrera ateratzea ezinezkoa izango lukeela onartuta. Aurten hirugarren urtez jarri da aurrez ikusgai materiala Txokolateixan eta horrek salmenta erraztu eta arintzen du. Oñatin esklerosi anizkoitzaren aldeko mezua zabaltzen guztiek egin duten ahalegina eskertu nahi izan du Jose Luis Calvok, bere izenean eta ADEMGI elkartearen izenean.
Urtero garai honetan egiten den Busti zaitez kanpainaren helburuak dira esklerosi anizkoitzaren inguruko informazioa ematea, gaixotasun neurologiko honekiko sentsibilizazioa zabaltzea eta Gipuzkoan ADEMGI elkarteak eskaintzen dituen logopedia eta fisioterapia zerbitzuak finantzatzeko dirua batzea.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!