Oñatiko udala

“Best tourism villages” zigilua Fitur azokan estreinatuko du Oñatik

2024/01/23
Card image cap
Herriko turismo baliabide eta erakargarritasuna laburbiltzen duten triptiko berriak eraman dira Madrilera

  Debagoieneko Mankomunitateko turismo teknikariek aurkeztuko dituzte Oñati eta eskualdeko produktuak Madrilen. Basquetourreko stand-ean Bailarak eta mendiak atalean egongo dira, bihartik ostiralera. Hiru egun horietan Fitur azoka sektoreko profesionalei zuzenduta dago, asteburua berriz, publiko orokorrari.

  Debagoienak GR-289 Hartzaren urratsa ibilbidea eramango du Fitur-era, bost etapetan eskualdeko zortzi herriak lotzen dituen GRa, alegia. Iaz Oñatin egin zen Puntaik punta, Debagoieneko bidezidorren jaialdiaren baitan aurkeztu zen eta natura-turismoa eta gastronomia uztartzen dituen produktu berezia da. Horixe da Azahara Dominguez Turismoko Foru Diputatuak azpimarratu duena, hau da, Gipuzkoak hondartza edo mendiaz haratago, gastronomia, kultura eta paisaia ere badituela.

  Itsasoa izan ezik gainontzeko osagai guztiek ere bat egiten dute Oñatin; hala erakusten da best tourism villages zigilupean kaleratu den triptiko berrian. Euskaraz, gazteleraz, katalaneraz, frantsesez eta ingelesez argitaratu den esku-orria Madrilen izango da, mankomunitateko teknikarien eskutik. Oñati VR 360º, errealitate birtualeko bideoa ere eraman dute. 3D irudiz osatutako ikus-entzunezkoak Sancti Spiritus unibertsitatea, Arantzazu eta Arrikrutzeko kobarako bisita laburra biltzen du, 360 graduko ikuspegi inguratzailea eskainiz. Turismo bulegoan eskuragarri izaten diren bisita birtualeko betaurrekoak Fitur-en izango dira domekara arte.

  Oñatik eta Debagoienak bezala, Euskadik ere turismo marka berria aurkeztuko du Madrilen: Grand Tour Euskadi Basque Country. Marka berri honek Euskadiko turismo eskaintza urte osora zabaltzea du xede, edozein urte sasoitan ikusgai eta gozagai dauden esperientzia anitzak bisitariei aurkeztu eta hauen egonaldiak luzatzeko proposamenak eginez.

  Madrilgo Fitur azoka estatuko turismo azoka garrantzitsuena da. Bihar ireki eta domekara arte luzatuko da. Sektoreko profesionalak nagusi izango dira lehen hiru egunetan eta asteburuan herritarrei zabalduko zaie.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!