Oñatiko udala

“Besarkada solidarioa” erabiliz bi lapurreta salatu ziren Olakua auzoan, larunbatean

2024/07/08
Card image cap
Lekukoek ezin izan zituzten Ertzaintzak geldiarazitako susmagarriak identifikatu

  Auzoko bi pertsona nagusiri katea eta medaila lapurtu zietela eta, udaltzaingoari abisua eman zioten larunbat eguerdian. 35 urte inguruko emakume bat izan zen adinekoengana hurbildu eta ezagutzen zituenaren aitzakiarekin besarkatu zituena. Alkandora edo kamiseta zuri batez jantzita, ilea mototsean bilduta eta zain zuen ibilgailu gris batean alde egin zuela jakinarazi zitzaien udaltzainei. Hauek ertzainei eman zieten abisua eta herriko bi sarreratan kontrolak jarri zituzten, Elorregin eta Udanan. Emandako ezaugarriekin bat egiten zuten bi ibilgailu gerarazi zituzten baina ez zuten lapurtutako materialik topatu. Lekukoek ere ezin izan zituzten susmagarriak identifikatu. Ondorioz, ez zen inor atxilotu. Dena den, kontuz ibiltzeko abisua zabaldu du udaltzaingoak. Eta ezezagunen bat hurbildu eta besarkatzeko keinua egitera doala ikustean, urrundu eta ingurukoen arreta izateko oihu edo txilixo egitea gomendatzen da. Inguruan ditugun adineko pertsonei gertatzen ari denaren berri ematea ere eskatzen da, halako lapurreta gehienak pertsona nagusiei egiten baitzaizkie. Halakorik ikusi, edo gertatuz gero, lehenbailehen udaltzainei jakinaraztea oso garrantzitsua dela azpimarratzen da, lapurra harrapatu ahal izateko.

  Errepidean libre dabiltzan ahuntzen inguruko abisuak ere asko ugaldu ei dira azkenaldian, udaltzainburuak adierazi digunez. Larunbatean Olabarrietako bide batetik lauzpabost ahuntz erretiratu behar izan zituzten udaltzainek eta pasa den asteburuan, beste horrenbeste egin zuten Zubillagan. Zaintza barik dauden ahuntzak errepidera irten edota inguruko baserrietako terrenoetan sartzen direnaren abisuak jasotzen ari dira udaltzaingoan. Jabeei, itxiturak errebisatu eta ziurtatzea eskatzen zaie.

  Azken intzidentzia bat ere izan zen plaza inguruan, atzo arratsaldean. Arkupe zati bat zintaz itxi egin behar izan zen, erle pilaketa gertatu zelako. Haurrek jolasteko kotxetxo automatikoaren inguruan erle pilaketa bat antzeman zen, eta segurtasunez, gunea zintaz itxi zen. Suhiltzaileei abisua eman zitzaien baina ez zen bere esku-hartzearen beharrik izan, erleak pilatu ziren bezala, aldendu egin zirelako.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!