“Besarkada solidarioa” erabiliz bi lapurreta salatu dira 48 orduko tartean
Orain hilabete aipatu genuen, Murgia auzoan besarkada solidarioa teknika erabiliz lapurreta ahalegina salatu zela. Gaur ordea, bi kateren lapurretaren berri jaso dugu, bat larunbat goizean, Santa Marinan egin zen arropa azokan, eta bestea, atzo goizean, Kasablanka inguruan. Bietan, jokaera berbera izan zen: emakume bat adineko pertsonengana hurbildu, ezagutzen zituela esan eta besarkatu zituen, eta gerora konturatu ziren lepokoa falta zutela. Besarkada solidarioa deritzon teknika erabiliz bi lapurreta kasu salatu dira gurean, 48 orduko tartean.
Ezezagunen bat hurbildu eta besarkatzeko keinua egitera doala ikustean, urrundu eta ingurukoen arreta izateko oihu edo txilixo egitea gomendatzen du udaltzaingoak. Ezagutzen ditugun adineko pertsonei gertatzen ari denaren berri ematea ere eskatzen du, halako lapurreta gehienak pertsona nagusiei egiten baitzaizkie.
Halakorik ikusi, edo gertatuz gero, lehenbailehen udaltzainei jakinaraztea oso garrantzitsua dela azpimarratzen da, lapurra harrapatu ahal izateko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!