“Bertakoak” guneetan aparkatzeko txartel berriak eskatu edo ezeztatzeko epea ireki da
Araututako aparkalekuen udal ordenantza beteaz, hilabeteko epea dago Bertakoak txartelei uko egin edota berriak eskatzeko. Epea zabalik dago, azaroaren 20ra arte. Baja eta alta eskaera sarrera erregistroan egin behar da, udaletxera, HAZ bulegora joanda, edo online, erregistro elektronikotik. Txartel berria eskatu nahi dutenek autoaren zirkulazio baimenaren kopia aurkeztu behar dute, jabearen erroldaren helbidea egiaztatzeko, eta kontu korrontearen zenbakia ere eman behar dute, dagokien tasa kargatzeko. Era berean, lehendik txartela duten baina azken urtean autoz aldatu dutenek ere, udal bulegoetan jakinarazi behar dute. Baja emateko, eskaera orria betetzea nahikoa izango da. Aurten Bertakoak txartela izan eta ezer adierazten ez dutenei automatikoki berrituko zaie.
169 dira egun bertakoentzat gordetako aparkalekuetan autoa uzteko txartela duten herritarrak. Gehienek Bidebarrieta kale inguruan dauden 6. gunean aparkatzeko txartela dute, 112k, hain zuzen ere. Gainontzeko 57ek Aita Mortara kaleko aparkalekuek osatzen duten 5. gunea erabiltzeko baimena dute.
Aita Mortara eta Aita Madina kaleetako 5. gunean autoa aparkatzeko Bertakoak txartela eskatu dezakete ondorengo kaleetan bizi direnek: kale Zaharra, San Anton, Aita Madina, Aita Mortara, Foruen enparantza, Portu kalea, Unibertsitate etorbidea, Maiatzaren 1a plaza, Bakardadeko Ama eta Zumeltzegi kalea. Bidebarrietako 6. gunean berriz, Bidebarrieta, Zubibarri, Motxon, Atzeko kalea, kale Barria, Errementari plaza, Ramon Irizar eta Aozaraza kalekoek.
Egun TAO txartela dutenen zerrenda udal iragarki taulan eta web orrian argitaratu da. Eta alta eta baja emateko epea amaituta, eta beharrezko egiaztapenak eginda, behin betiko zerrenda argitaratuko da. Horren ondoren, ez da aldaketa berririk onartuko datorren udazkenera arte.
2025eko Bertakoak txartelak berdeak izango dira eta posta arruntez bidaliko zaizkie eskatzaileei, abenduan zehar. Dagokien udal tasa, berriz, datorren otsailean kobratuko da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!