“Auzoko” egitasmoan izena emateko epea zabalik dago
Euskara modu dibertigarrian ikasi eta jende berria ezagutzeko bide gisa aurkezten da Auzoko bideoan, aurreko ikasturteko partaideek azalduta. Batzuk, Oñatin jaiotakoak dira, beste batzuk Oñatira bizitzera etorritakoak, hori delako Auzoko, auzokideak harremanetan jartzen dituen egitasmoa, beti ere, euskara ardatz hartuta. Auzoko bizikidetzarako espazioa da; jatorrian euskararekin harremanik izan ez dutenak euskararako bidean jartzea, euskal hiztunak diren herritarrak lagun dituztelarik. Herritar guztien hizkuntzak eta kultur aniztasuna balorean jartzeko topagunea da.
Auzoko egitasmoak hamaikagarren ikasturtea beteko du Oñatin. Aurretik datorren taldea badago baina auzokide berriak hartzeko izen-ematea zabaldu da. Telefonoz deituta edo whatsapp mezu bidez egin liteke izen-ematea (688 651 205).
Auzokoren dinamika bizia da. Astean behin, ordu eta erdiko jardunean, elkartzen dira taldeak, partaideen ezaugarri eta beharren arabera, talde bat baino gehiago sortzen direlako. Aurreko urteetan gazteen taldea, edota zaintza eta garbiketa lanetan zihardutena eratu ziren gurean. Orain izena ematen dutenen arabera erabakiko dira taldeak eta bakoitzaren egutegi eta ordutegia. Ikasturte berriaren aurkezpena urriaren 18an, 19:00etan, egingo du Auzokok, Eltzian.
Iturria:Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!