“Autodefensa feminista” liburuaren aurkezpena egingo da asteartean, Jabetze eskolaren baitan
Autodefensa feminista. Más allá de aprender a decir no izenburuko liburuaren helburua da emakumeei laguntzea jokabide matxistak identifikatzen eta emakumeen eskubideak urratzen edo diskriminatzen diren edozein egoeraren aurrean erreakzionatzen. Autodefentsa feminista ahalduntze indibidualerako eta kolektiborako estrategia bat da, erakunde feministetatik sortua, emakumeei indarkeria matxista identifikatzen eta horretatik defendatzen laguntzeko, hiru esparruetan: kognitiboa, fisikoa eta emozionala. Prebentziorako eta bidezko defentsarako baliabide teoriko-praktikoen tresna da. Kontua ez da indarkeria kasuetan bakarrik jarduten jakitea, baizik eta gure eguneroko alderdi guztietan, autodefentsarako lehen ariketa norbere burua despatriarkalizatzea planteatuz.
Maitena Monroyk osatu duen liburuak, bizi garen mundua ulertzen lagunduko digu, eta mundu hori genero-normatibitatearen zutabeetan nola oinarritzen den ikusten. Hau da, sistema patriarkal batean emakume izateak zer esan nahi duen ikustarazten du; sistema horrek, gorputz-adierazpena izatetik haratago, mendekotasun egoera soziala ere badakar emakumeentzat. Testuak genero-normatibitatearen oinarriak aztertzen ditu.
Maitena Monroy erreferente nagusietako bat da autodefentsa feministan, Espainian eta Latinoamerikan. Indarkeria matxistan aditua da, eta aitzindaria diziplina horren irakaskuntzan. Oñatin ere ezaguna da, Jabetze eskolaren baitan autodefentsa feminista gaia sarritan landu baitu gurean. Hiru mila tailer baino gehiago emanda, egileak bere lana partekatzen du baliabidez, testez, aintzatespen-adierazlez eta ahalduntze feministako ariketaz beteta datorren liburu honetan; alderdi fisikoei ez ezik, emozionalei eta kognitiboei ere erreparatzen die, autodefentsa feministaren ikuspegi oso bat txertatuz.
Autodefensa feminista. Más allá de aprender a decir no liburua, San Juan kaleko udal lokalean aurkeztuko da asteartean, hilaren 19an, 18:00etan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!