Oñatiko udala

“Arantzazu bizi” uda ikastaroa antolatu du EHUk eta Arantzazulabek, hilaren 22 eta 23rako

2024/07/09
Card image cap
Arantzazuren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz eztabaidatuko da

  Lehenengo aldia da EHUk eta Arantzazulab-ek uda ikastaro bat antolatu dutela eta lehenengo aldia ere bai, halakoa Arantzazun, Gandiaga topagunean. Arantzazulabeko Naiara Goiak eta EHUko Antonio Casadok zuzentzen duten ikastaroak eztabaidarako eta esperimentaziorako tarteak uztartuko ditu; goizetan hausnrketarako eta eztabaidarako saioak egingo dira eta arratsaldetan Arantzazu hobeto ezagutzeko esperientziak eskainiko dira.

  Arantzazu euskal jendartearentzat erreferentziazko espazio izan da mendeetan, eraldaketarako energien konfluentziaren gune izan baita 500 urtez. Santutegiak berak esanahi berezia dauka euskal kulturan; erabakigune eta elkargune garrantzitsua izan da eta askotariko ezagutzak, arteak, tradizioak eta berrikuntzak bat egiten dute bertan. Arantzazuren inguruan, urtez urte, gizarte-sare anitza eratu da eta gizarte esparru desberdinetan txertatu da. Baina orain arte izan denetik haratago, etorkizunaz ere eztabaidatu nahi da Arantzazun, etorkizunak planteatzen dituen erronka ezberdinen aurrean Arantzazu non kokatzen den esploratzeko. Bakardadea, herrigintza, euskal nortasuna, eta Arantzazutik gizartera eta gizartetik Arantzazura egin litezkeen ekarpenez eztabaidatuko da uztailaren 22an eta 23an, goizeko saioetan.

  Arratsaldetan berriz, Arantzazuk eta inguruak eskaintzen dutena ezagutzeko aukera ezberdinak eskainiko zaizkie ikastaroko partaideei. Lehen egunean, erakusketa izango da, Orbelaun taldearen hainbat lan berri eta belaunaldi eta lanbide desberdinetako beste artista batzuen lanez osatuta. Guztira 16 pieza erakutsiko dira, asko Arantzazuko kultura eta natura ondareak emandakoarekin egindakoak. Orbelaun taldea Angel Mari Milikuak, Imanol Artolak, Iñaki Jauregialzo Jaltzok eta Esteban Kerexetak osatzen dute. Bigarren arrtsaldean berriz, frantziskotarrek gidatuta Basilikara bisita egin ahal izango da eta inguruetatik ere ibilbide bat egingo da, eguraldiak hartarako aukera ematen badu. Amaitzeko, eta udako ikastaroaren programatik kanpo, Urmugaren Urtanta jaialdiaren baitan, Donostiako orfeoiaren eta Et Incarnatus orkestraren kontzertua izango da Basilikan.

  Arantzazun bizi, iragana, orainaldia eta etorkizuna zer? izeneko udako ikastaroan izena emateko aukera badago oraindik, www.uik.eus web atarian sartuta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!