Oñatiko udala

‘Pumptrack’ gunea egokitzeko esleipen prozesua hasi berri du Udalak

2024/01/02
Card image cap
Larraña institutuaren lurretan dagoen lurzati batean kokatuko da, Eltzia atzealdean

  Bihurgunez, goragunez eta sakangunez jositako zirkuitu itxia da Pumptrack-a, mendi bizikletan, patinetan edo skatean ibiltzeko. Txirrindulari edo rider-ak bere pisuaren inertzia aprobetxatuz egiten du aurrera, teknika eta trebezia baliatuz.

  2019-2023 aldirako kirol-ekipamenduko planaren barruan jaso zen Pumptrack pista egokitzea. Pistaren diseinua Oreinbike Bike Park & Pump Track enpresak egin du eta horretan oinarritutako lanak dira esleipenera atera berri direnak. Kirol instalazio berria Larraña Lanbide institutuko lurretan dagoen lurzati batean egokituko da, Eltzia atzealdean. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak urrian baimendu zituen Pumptrack-a egokitzeko lanok.

  Instalazioak bi gune nagusi izango ditu: 150 metroko luzerako zirkuitua, zailtasun maila ezberdineko azpi-guneekin, eta 10 metroko erradiodun asfaltozko atseden gunea. Oro har, bost peralte eta askotariko erabilerarako 24 modulu izango ditu. Aldi berean, 37 lagunek erabiltzeko aukera izango dute.

  Otsailaren 2ra arteko epea dago eskaintzak aurkezteko eta, ustekaberik ez bada, martxoan hasiko lirateke lanak, hiru hilabeteko exekuzio epea eta 100.000 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin. Kontratua esleitzeko bi irizpide aplikatuko dira: prezioa, 95 puntu, eta bermealdia, 5 puntu.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!