2006ean jaiotako 120ren bat neska-mutil irtengo dira kintto-batzea egitera, otsailaren 4an eta 10ean
Handia da 2006an jaiotakoen kinttada, 123 gaztek osatzen dute eta egunak daramatzate Santa Ageda koplak entsegatzen. Santa Ageda egunak markatzen ditu kinttoen irteerak, eta aurreko domeka eta ondorengo larunbata izan ohi dira santa-eskerako egunak. Aurten, otsailaren 4an herrigunean eta otsailaren 10ean, inauteri zapatuan, auzoetan ibiliko dira kopla kantari.
Kinttoak Santa Ageda egunaren bueltan santa-eskean irtetea hamarkadetan errepikatu den ohitura da gurean. Lehen, soldaduskara joan behar ziren mutilak bakarrik irteten ziren baina aspaldian, urte berean jaiotako neska eta mutilak irteten dira. Urtean 18 urte beteko dituzten neska eta mutilen ospakizuna da. Aurrez, kintto horiek, irailaren 28ko danborradan dantzari irten ohi dira.
Kinttoak ez ezik, Pake leku elkarteko Aloña abesbatza eta Txinparta bertso eskolakoak ere kopla kantari irtengo dira domekan. Aloña abesbatzakoek Santa Ageda bezperan irteteko ohitura dute, taldearen lehen irteera, gainera, egun horretan izan zen. San Martin egoitzatik abiatuko dira, 10:00etan, eta kalez kale ibiliko dira eguerdi aldean plazan amaitzeko. Bertso eskolakoak, bestalde, Urrexolan ibiliko dira santa-eskean. Hamarretakoa egiteko Gaztetxean elkartuko dira eta 10:30etan Urrexolara joango dira, baserriz baserri kopla kantari ibiltzeko. Deialdi irekia da eta parte hartzeko interesa dutenek bertso eskolakoei jakinaraztea eskatu da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!