Oñatiko udala

2005ean jaiotako 114 neska-mutil irtengo dira kintto-batzea egitera

2023/01/30
Card image cap
2002an jaiotako kinttoak, 2020an
Domekan, herri gunean ibiliko dira santa-eskean eta hurrengo zapatuan, auzoetan

  Handia da 2005ean jaiotakoen kinttada, 114 gaztek osatzen dute eta egunak daramatzate Santa Ageda koplak entseatzen. Santa Ageda eguna bera izan ohi da kinttoen irteerak markatzen dituena, eta aurreko domeka eta ondorengo larunbata izan ohi dira santa-eskerako egunak. Baina Santa Ageda domekarekin etorriko da eta egun horretan bertan irtengo dira herrigunean kopla kantari eta hurrengo larunbatean, otsailaren 11an, auzoetan.

  Kinttoak Santa Ageda egunaren bueltan santa-eskean irtetea hamarkadetan errepikatu den ohitura da gurean. Lehen, soldaduskara joan behar ziren mutilak bakarrik irteten ziren baina aspaldian, urte berean jaiotako neska eta mutilak irteten dira. Urtean 18 urte beteko dituzten neska eta mutilen ospakizuna da. Aurrez, kintto horiek, irailaren 28ko danborradan dantzari irten ohi dira.

  2005ean jaiotakoek aparteko kezka edo mugarik gabe egin dituzte entseguak aurreko egunetan. Iaz ordea, osasun egoera zaila zen otsaila hasieran herrian eta irten ala ez, zalantza izan zen. Eta zalantzatan ez, irten gabe geratu ziren aurreko urteko kinttoak, 2003an jaiotakoak. Pandemiaren eraginez ezin izan zuten kopla kantari irteteko tradizioa bete eta danborradan dantzan, zegokiena baino bi urte beranduago, iazko irailaren 28an irten ziren, 2004an eta datozen bi urteetan santa-eskean arituko diren 2005eko kinttoekin.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!