Oñatiko udala

2,16 milioi euroko laguntza berria jasoko du Udalak Next Generation funtsetik

2023/05/12
Card image cap
Torreauzotik Usakorako bidegorria, Emakumeen etxea, azoka eta hainbat aparkalekuren proiektuk Europako diru- babesa jaso dute

  Oñatik turismo jasangarriaren alde egin duen apustua saritu da nagusiki Europar Batasuneko Next Generation funtseko dirulaguntza hauen bidez. Deialdiaren helburu bikoitzaa norabide horretan zihoan: turismoa eraldatzeko eta berritzeko prozesuak ingurumenaren, gizartearen, ekonomiaren eta lurraldearen iraunkortasuna barnebiltzea; eta klima aldaketarekiko, osasun krisiekiko edota turismo eskari handiegiekiko erresiliente diren turismo ekosistemak sortzea. Guztira, 19,45 milioi euro jaso dituzte EAEko herri edo eskualde desberdinek deialdi honetara aurkeztutako egitasmoak gauzatzeko, eta Oñatiko udalak %11a jasoko du, 2,16 milioi euro.

  Oñatira etorriko den dirulaguntza handiena, Usakorako bide segurtasuna berma dadin Torreauzoko zubitik bidegorria egin eta bertako ingurune naturala hobetzeko izango da, 769.000 euro. Emakumeen Etxea eraberritzeko 600.000 euro jasoko dira, plaza ondoko azoka eta inguruak hobetzeko 300.000 euro, herrigunean disuasio-aparkalekuak egiteko 200.000 euro eta Arantzazuko eta Araozko aparkalekuen kudeaketa automatizaturako 126.000 euro. Orain ebatzi diren dirulaguntza hauek justifikatzeko hiru urteko epea izango da.

  Bigarren aldia da Oñatiko Udalak Next Generation funtsetik eratorritako laguntza jasotzen duela; Natur Eskolaren birgaitzerako 532.000 euroko laguntza jaso zuen urtarrilean.

  Udala ahalegin berezia egiten ari da Next Generation funtsei begira, jakinik, bat datozela iraunkortasunaren alde hartu duen bideak eta Europar Batasunak dituen dirulaguntza hauen helburuak. Next Generation funtsetik jasotakoa, egindako bidearen aitortza moduan ere ulertzen dute udal arduradunek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!