Oñatiko udala

19 lagunek hasiko dute bihar udalak antolatu duen aisialdiko begirale ikastaroa

2024/10/18
Card image cap
Inoizko matrikula kopuru altuena da

  HEZTEN aisialdiko eskolako teknikariek emango dute ikastaroa, Eltziako hirugarren solairuan. Larunbatero izango da, bihar hasi eta maiatzaren 31ra arte, goizeko 9:00etatik 15:00era. Zehaztu diren 25 larunbatei, otsailaren 1 eta 2ko asteburuan egingo den jardun trinkoa batu behar zaie. Hori, aterpetxean egingo dute partaide guztiek. Guztira, 150 ordu teoriko beteko dituzte. Baina Eusko Jaurlaritzak ematen duen titulu ofiziala eskuratzeko, 160 ordu praktiko bete beharko dira eta memoria txosten bat ere aurkeztu beharko da. Hiru atalak osatzeko 2026ko irailera arteko epea izango dute ikastaroa bihar hasten dutenek.

  Inoizko partaidetza handiena izango du udalak antolatutako seigarren aisialdiko begirale ikastaro honek. 19 lagunek parte hartuko dute, 12 neskak eta 7 mutilek. Gehienak oñatiarrak dira, 14, baina Bergara, Elgeta eta Eskoriatzatik etorritakoak ere izango dira taldean. Partaideek 500 euroko matrikula ordaindu beharko dute baina udalak dirulaguntzak ematen dizkie, eskola aprobetxamendu ona izan edo titulua eskuratu eta Oñatin erroldatuta daudenei; ikasle eta langabeek ordaindutakoaren %75a bueltan jasoko dute, gainontzekoek, matrikularen erdia.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!