Oñatiko udala

19.000 euro bideratuko ditu Udalak Artiako baso pistak konpontzeko

2024/01/16
Card image cap
Herri onurako mendietako bost baso-bide konpontzeko proposamena egin du Aldundiak

  Herri onurako mendietan egiten diren hobekuntzak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta mendi horien titular den Oñatiko Udalaren arteko elkarlanaren bitartez gauzatzen dira. Horren harira, Artiako HOMeko mendietan Mariuntz, Arraundi, Korostola, Zamalbide eta Andorto inguruko baso pistak konpontzeko proposamena egin dio Udalari Aldundiko basogintza ataleko buruak. Bost gune ezberdinetan, guztira 7.700 bat metroko luzera luketen bide zatiak konpontzea proposatu da.

  Zerrendatu diren bost bideetatik okerren dagoena Maiuntz-Arraundi bide zatia da; inguru añubi eta hezea izaki egoera exkaxean dago. Kilometro eta erdian zehar bide alboko ubidea ireki, bidea zeharkatzen duten ubideak eta hodien sarrera-irteerak garbitu eta luizi txikiak kentzea aurreikusten da. Bidearen zola perfilatu eta harrobiko materiala zabaltzea ere proposatzen du Aldundiko arduradunak. Antzerako lanak egingo dira hain egoera txarrean ez dagoen Txirikialeku-Korostolako bidegurutzean eta Zamalbide-Txirikialeku arteko bide zatian. Beste bi gunetan, bidearen zola perfilatu eta hodien sarrera-irteerak garbitu eta alboko ubideak irekitzea ere proposatzen da.

  Aldundiak prestatu duen konponketa lanen proiektuan aurrekontua ere jaso da eta ia 25.000 euro beharko direla zehaztu da. Udalak, 19.000 euroko hasierako ekarpena egitea erabaki du, lanak bukatuta, likidazioa eta memoria aurkezteko eskaerarekin. Ez da hori izan ordea, Udalak Diputazioari zuzendu dion eskaera bakarra; hurrengo urteetara begira, Oñatiko HOMetan azpiegiturak mantentzeko lanen finantzazioan ere parte hartu dezan eskatu dio Aldundiari, gutxienez, erdibana ordainduz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!