Oñatiko udala

180 lagunek eman dute izena eskulan ikastaroetan

2024/10/25
Card image cap
Haur eta gaztetxoentzako pintura, zeramika eta eskulan dekoratiboak ikastaroetan itxaron zerrendak osatu dira

  Helduen ikastaroetan parte hartzeko asmoz izena eman duten guztiek plaza lortu dute; haur eta gaztetxoen kasuan, ordea, 29 lagun ikastaro ezberdinetarako itxaron zerrendan geratu dira. Eskulan dekoratiboak lantzeko lehen ikastaroan, 17:00etatik 18:15etara egingo denean, 8 laguneko itxaron zerrenda sortu da. Dena den, 18:30etatik 19:45etarako taldean sei leku daude oraindik, eta itxaron zerrendan daudenetako batzuk, bigarren talde horretara salto egitea espero da. Zeramikan hiru gaztetxo geratu dira plazarik gabe eta pinturan, egun eta ordu ezberdinetan, 18 neska-mutiko.

  Guztira, 180 lagunek eman dute izena Kultura departamenduak eskainitako eskulan ikastaro ezberdinetan; 151k plaza dute eta 29 itxaron zerrendan geratu dira, seik, beste ordutegi batean dauden plazak bete ditzaketen arren. Plaza eskuratu eta itxaron zerrendetan geratu direnen izen-abizenak Kultur etxe harreran eta udaleko web atarian ikusgai daude.

  Ikastaroak azaroaren 4ko astean hasiko dira, bakoitzari dagokion egun eta ordutegian, Bidebarrieta kaleko 22an dauden eskulanetarako udal lokaletan. Ikastaroen matrikula kargua berriz datozen egunetan egingo da, izena ematerakoan jakinarazi ziren kontu korronteetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!