18 lan aurkeztu ziren domekako Ageriko XX. Pintura Lehiaketara
Margolariak kalera itzuli ziren igandean; 18 lagunek parte hartu zuten, 13 helduen kategorian eta bost 16 urtez azpikoenean. Sandailiko ermita eta koba eta Santa Marinako iturria irudikatzen duten lanek eskuratu zuten lehenengo saria, nagusi eta gaztetxo kategorietan, hurrenen hurren.
Nagusien kategorian 13 lan jaso ziren. Lehenengo saria Ricardo Azkargortak eskuratu zuen, Sandailiko ermita eta koba margotuta; 600 euro poltsikoratu zituen. Bigarren saria, 400 euro, Jose Miguel Arranz-ek irabazi zuen. Honek Kantonoste ingurua margotu zuen. Eta hirugarren saria Fernando de Vicentek irabazi zuen, Xagu taberna izan zenerako kantoia irudikatuz. 300 euroko saria jaso zuen. Oñatiar onenaren saria berriz, Xanti Ugarte Mugarzak irabazi zuen eta 300 euro jaso zituen. Gaztetxoenetan, berriz, Nagore Gereñuk irabazi zuen Santa marinako iturria margotuz; 100 euro eta oparia eskuratu zituen. Bigarrena Garazi Biain izan zen eta hirugarrena, Xan Urteaga; 60 eta 30 euro eta opari bana eraman zituzten.
Saritutako lanak eta lehiaketara aurkeztutako guztiak Kultur Etxean ikusgai daude, atzotik, pintura ikastaroetan aritu direnen lanekin batera. Erakusketa urriaren 13ra arte mantenduko da eta astelehenetik ostiralera arratsaldez ikusi daiteke, 18:00etatik 20:00etara.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!