Oñatiko udala

136.500 euro banatuko dira aurten garapenaren aldeko lankidetzarako dirulaguntzetan

2025/03/10
Card image cap
"Oñati" eskola Guineako Dhaguel herrian
Lankidetza proiektu estrategikoak, ekintza puntualak, sentsibilizazio jarduerak eta larrialdiko laguntza lerroak bereizten dira

  Bihar irekiko da garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako udal laguntzak eskatzeko epea, iragarkia gaur argitaratu baitzen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Lau dirulaguntza lerro daude. Kopuruz handiena, hegoaldeko herrialde pobretuetan lankidetzarako proiektu estrategikoen garapena finantzatzera zuzentzen da eta aurten 79.000 euro izango dira. Hegoaldeko herrialde pobretuetan lankidetzako ekintza edo ekimen puntualak finantzatzeko 30.000 euro bideratuko dira. Herrian bertan sentsibilizazio jarduerak egiteko 9.500 euro eta larrialdietarako laguntzetarako eta ekintza humanitarioko proiektua finantzatzeko 18.000 euro bideratuko dira. Guztira, 136.500 euro, iazkoaren pare.

  Herrialde pobretuetan lankidetzarako proiektu estrategikoak edo ekintza puntualak egiteko dirulaguntzak apirilaren 9ra bitartean eskatu daitezke; sentsibilizazio jardueretarako dirulaguntzak eta larrialdi eta ekintza humanitarioko proiektuak finantzatzeko laguntzak, berriz, azaroaren 1a arte eskatu daitezke. Dirulaguntzak zuritzeko epea berriz, urtearekin, abenduaren 31n amaituko da kasu guztietan. Eskaerak egin eta dirulaguntzak zuritzeko epeak mugatu diren bezala, eskaera bakoitzak jaso ahal izango duen diru kantitatea ere mugatu da, laguntza lerroaren arabera. 

  Hegoaldeko herrialde pobretuetan lankidetza proiektu estrategikoak garatu eta ekimen puntualetarako 21laguntza eskaera jaso ziren iaz eta 18 onartu ziren. Baztertutako hirurek ez zuten egiaztatu elkarte eskatzailearen egoitza nagusia edo ordezkaritza Oñatin zegoenik.

  Iaz udalaren dirulaguntza jaso zuten proiektu estrategikoen artean zeuden, Hermansoloña elkarteak Argentinako Jose C Pazen eta Tindufeko Mahbes dairan dituen egitasmoak, Bubulum taldearen Nikaraguako proiektua, Zazpi Udaberri elkartea Guatemalan garatzen ari dena edota Elkartasuna Txiapasekin taldeak Mexiko hegoaldean babesten duena, besteak beste. Ekintza puntualetan, berriz, onartu ziren sei eskaeretatik lau, Hermansoloña taldeak aurkeztu zituen, Argentinan hainbat egitasmo konkretu burutzeko eta beste biak, Mikel Goiaingeruaren Parrokiaren izenean aurkeztutakoa eta Dominikar Errepublikan garatu ziren hezkuntza eta osasun egitasmoak izan ziren.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!