133.500 euro banatuko dira aurten garapenaren aldeko lankidetzarako dirulaguntzetan
Aurten laguntzak eskatzeko iragarkia oraindik argitaratu ez den arren, garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako udalak emango dituen laguntza lerro bakoitzerako diru kopurua zehaztuta dago jada. Lau izan ohi dira laguntza lerroak. Kopuruz handiena, hegoaldeko herrialde pobretuetan lankidetza-proiektu estrategikoen garapena finantzatzera zuzentzen da eta aurten 79.000 euro izango dira. Hegoaldeko herrialde pobretuetan lankidetzako ekintza edo ekimen puntualak finantzatzeko 30.000 euro bideratuko dira. Herrian bertan sentsibilizazio jarduerak egiteko 6.500 euro eta larrialdietarako laguntzetarako eta ekintza humanitarioko proiektua finantzatzeko 18.000 euro bideratuko dira.Guztira, beraz, 133.500 euro.
Laguntzen helburua eta izaera ezberdina den bezala, ezberdina da kasu bakoitzean eskaerak egiteko epea, baina guztiak ere, iragarkia argitaratu ondoren bete beharko dira udal bulegoetan. Dirulaguntza zuritzeko epea ere ezberdina izan ohi da kasu bakoitzean.
Hegoaldeko herrialde pobretuetan lankidetza-proiektu estrategikoen garapenerako udalak iaz eman zituen dirulaguntzak zuritzeko 2023ko martxoaren 31ra arteko epea dago. Laguntza lerro horretara 12 eskaera aurkeztu ziren baina 11 babestea erabaki zen, 12.ak ez zuelako ogasunarekiko zerga betebeharrak egiaztatu.
Hermansoloña elkartearen izenean, Argentinako Jose C Pazen hainbat hobekuntza lan egin eta martxan den elkartasun sarea kudeatzea edota Tindufeko Mahbes dairara materiala bidaltzeko dirulaguntza eskatu zen. Mikel Goiaingeruaren Parrokiaren izenean Guinea-Conakrin, nesken eskola eraikitzeko eskaera egin zen. Bubulum taldeak Nikaraguan urritasuna duten haur eta gazteei arreta eskaintzeko duen proiektuarekin jarraitzen du. Zazpi Udaberri elkarteak berriz, Guatemalan emakumeen ahalduntzerako eta hezkuntza sistema indartzeko proiektuari eusten dio eta Elkartasuna Txiapasekin taldeak Mexiko hegoaldean lurraldeen ekoizpen alternatiboa sustatzeko programa babesten jarraitzen du eta udalaren diru laguntza jasotzen. Hotz Oñati taldeak Yemenen hezitzeko gosariak egitasmoarekin darrai, Arpeko elkarteak Bolivian, indarkeria matxistari aurre egiteko komunikazioa lantzeko egitasmoa dauka. Mundu solidarioa helburuk bi proiektu babesten ditu Nikaraguan, aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusioa eta bizi kalitatea hobetzeko egitasmoa eta bigarren hezkuntzako eta unibertsitateko ikasleentzat formazio bekak ditu eta Lumaltik Herriak elkarteak, Mexikoko emakume indigenen eta beraien komunitateen autokudeaketa energetikoa sustatzeko proiektua babesten du. Guztiek udalaren dirulaguntza jaso zuten iaz, eta martxoaren 31ra arteko epea dute hori zuritzeko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!