13.200 euro banatuko ditu Haur eta Gazteria departamentuak gazteen sormen lanetarako
Irabazi asmorik gabeko gazte taldeen jarduerak eta egitarau konkretuak garatu daitezen eman ohi ditu Haur eta Gazteria departamentuak gazte elkarteentzat eta sormenerako dirulaguntzak. Apirilaren 11an amaitu zen epean 8 lagunek 15 proiektu gauzatzeko eskaerak aurkeztu zituzten. Hori baita dirulagutza hauen ezaugarria, proiektuka ematen direla.
Doce C Klik, Lehen lerroa, Inguma eta Sukena taldeek hainbat abestiren ekoizpen, grabaketa eta bideoklip grabaketarako dirulaguntza jasoko dute. Dwingi Dwingi taldeak erdimetraia bat eta 7 sketch grabatzeko laguntza izango du. Algaraz elkarteak ere Kaleak bizirik DVDaren ediziorako, Izaskun abestiaren bideokliperako eta ipuin baten sormenerako laguntza izango du. Irazanen izenean, BEITA websailaren zabalpen eta ostiralean izango den aurre-estreinaldirako laguntza jasoko du eta Zarramarrak berriz, hil hasierarako antolatu zuen Komedia jardunaldietarako udalaren diru babesa izango du. Bakoitzak aurkeztutako aurrekontua eta autofinantzaketarako ahalmena kontutan hartuta kalkulatu da udalak emango duen dirulaguntza. Guztira, 13.200 euro banatuko dira.
Elkarteen sustapena eta kultur sormen eta hedapenerako dirulaguntzen lehen deialdian zegoen diru guztia agortu ez denez, urrian, bigarren dirulaguntza deialdia egingo da. Ordurako 1.800 euro geratu dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!