Oñatiko udala

12 langabe gehiago zenbatu dira ekainean eta langabezia tasa %5,80 da Oñatin

2024/07/02
Card image cap
25 urtez azpikoen artean pitin bat murriztu da lan bila dabiltzanen kopurua

  Ekaina gora-beheratsua izan ohi da gurean, aurten gehitu egin da langabe kopurua, 2020an eta 2021ean gertatu bezala, 2019an edo iaz berriz, gutxitu egin zen. Une honetan 315 langabe daude Oñatin eta langabezia tasa %6aren azpitik mantentzen da, hirugarren hilabetez jarraian. Udaberriko 3 hilabeteen bataz besteko tasa, % 5,78a eta horrek 2018ko mailara garamatza. Aipagarria da gainera, azken lau urteetan bataz besteko hori %6aren goitik egon dela.

  Ekainean 25 urtez gorako gizon nahiz emakumezkoen artean egin du gora langabeziak baina nabarmenagoa izan da, emakumeen artean eta 25 eta 44 urte artekoen artean. 25 urtez azpikoen artean berriz, aurreko hilabetean baino langabe bat gutxiago erregistratu zen gurean, 18 guztira. Orain urtebeteko datuekin alderatuta, 10 langabe gutxiago daude une honetan baina emakume bat gehiago. 2023ko ekainean gainera, 45 urtez gorako langabeen kopurua dezentez handiagoa zen.

  Debagoienean ere maiatzean baino 7 langabe gehiago dago une honetan eta Arrasaten kopurua gutxitu den arren, Antzuolan, Aretxabaletan, Bergaran eta Oñatin, gehiago dira, esan bezala. Elgetan, Eskoriatzan eta Leintz-Gatzagan maiatzeko maila berean mantendu da langabezia.

  Hego Euskal Herrian ere gora-beherak izan dira eta Araban eta Nafarroan langabezia jaitsi bada ere, Gipuzkoan eta Bizkaian handitu egin da. Orokorrean, hori bai, langabeen balantza positiboa izan da ekainean eta maiatzean baino 822 pertsona gutxiago erregistratu dituzte enplegu bulegoetan. Guztira 135.379 langabe daude lau herrialdeetan izena emanda. Maila honetan ere aipagarria da emakumezkoen langabezia dela bereziki handitu dena.

  Baina lan merkatuak indartsu jarraitzen duela erakusten duten afiliazio datuek, inoizko onenak izaten jarraitzen baitute eta beste errekor bat ezarri da ekainean. Urte hasieratik hilabetez hilabete handitu da lan kontratu bat dutenen kopurua eta ekainean 1.331.119 landun zenbatu ditu Gizarte Segurantzak: inoizko gehien. Dena den, urtarriletik eta hilabetez hilabete erregistratu den igoerarik txikiena izan da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!