Oñatiko udala

12 lagun kontratatzea proposatu da uda kanpainari aurre egiteko

2024/06/05
Card image cap
Kale garbiketa pioi eta administrari plazak betetzeko prozesuen inguruko ohar berriak argitaratu dira

  22 hautagai onartu ziren uda kirol kanpainan begirale izateko prozesura baina batek uko egin du. Egitasmoan parte hartzeko izan den eskaera ikusita, 12 begirale kontratatzea proposatu du epaimahaiak: 10 zerbitzu orokorretan arituko dira eta horietako bi eskalada eta patinaje ikastaroetan ere arituko dira begirale moduan, gainera, eskaladarako beste begirale bat eta patinaje ikastaroetarako bi begirale kontratatzea proposatu da. Beti ere, agiri bidez egiaztatutako merituen puntuazio hurrenkera jarraituz. Merezimenduen behin batiko emaitzak eta aipatu kontratazio proposamena udaleko web atarian argitaratu berri da.

  Ekainaren 24tik uztailaren 19ra arte luzatuko den Uda kanpainan 686 haurrek parte hartuko dute, 1266 ekintzetan. Hainbat ekintzetan eta ordutegitan, lekua dago oraindik. Informazioa Zubikoa kiroldegiko harreran eskuratu daiteke.

  Udalaren hautaketa prozesuak atalean beste bi ohar ere argitaratu dira azken egunotan: kale garbiketako pioi plaza bat betetzeko kontrtatazio proposamena eta lan poltsaren eraketa eta administrari plazaren hautaketa prozesurako merezimenduak akreditatzeko epea. Aipatu kale garbiketako pioi eta administrari plazak enplegua egonkortzeko prozesuaren baitan kokatzen dira eta biak, oposizio-lehiaketaz beteko dira. Kale garbiketako pioi plazarako prozesua amaitu da jada eta bost hautagaiek osatu dute prozesua. Azterketaldian eta lehiaketan puntuazio altuena lortu duen hautagaia kontratatzea proposatu zaio Udalari eta beste lau lagunekin lan poltsa osatzea.

  Administrari plaza betetzeko hautaketa prozesuari dagokionean, izen-emate orrian azaldu zituzten merituak agiri bidez egiaztatu beharko dituzte azterketaldia gainditu duten 49 lagunek. Ekainaren 13ra arteko epea izango dute egiaztagiriak udaleko erregistroan aurkezteko. Zenbait hautagaik udalak eskatutako euskara maila ez dute egiaztatu eta IVAPeko azterketetara presentatu beharko dira ekaineko deialdian. Horiei ere merezimenduak egiaztatzea eskatu zaie baina hizkuntza eskakizuna lortzearen arabera baloratuko zaizkie edo ez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!