11 langabe gehiago zenbatu dira apirilean Oñatin
Ohikoa izaten da gurean apirilean langabeziak gora egitea, behin behineko kontratu asko Aste Santuan amaitzen direlako. Eta aurten joera errepikatu egin da beste behin ere eta martxoan baino 11 langabe gehiago zenbatu dira. Emakumeen artean erregistratu da gehikuntza hori, nagusiki, eta adinari erreparatuta berriz, 25 urtez azpikoen artean. Orain urtebeteko datuei begiratuta, aldiz, orain baino 26 langabe gehiago zeuden. Azpimarratzekoa da urtebeteko tarte honetan handitu egin dela langabezian dauden gizon eta emakumeen proportzio aldea; une honetan, lan gabe dauden 10 oñatiarretatik 4 gizonezkoak dira, 6 emakumezkoak.
Langabe kopuruak gora egin duen arren, herriko langabezia tasa %6ko langatik behera mantendu da, bigarren hilabetez jarraian. Urtarrilean hasitako beheranzko joera eten bada ere, ikusi egin beharko da maiatzean berriro iraultzen den edo enplegu galera epe berri batean sartu garela esan behar dugun. Oñatiko langabezia tasa % 5,98 da une honetan; SEPEn izena emanda dauden herritar langabeak 324 dira, 194 emakume eta 130 gizakume.
Ikuspegia zabalduz gero, Aretxabaletan eta Arrasaten izan ezik, eskualdeko gainontzeko herrietan ere gehitu egin da langabeen kopurua azken hilabetean. Hego Euskal Herrian, aldiz, 2.297 langabe gutxiago zenbatu dituzte apirilean eta gehiago edo gutxiago baina jaitsiera hori lau herrialdetan gertatu da. Guztira, 138.845 langabe daude . Afiliazio datuei dagokienez, apirilean ia 1.300.000 pertsona zeuden Gizarte Segurantzan izena emanda. Langabezia datua 2008tik izandako txikiena da eta afiliazioa, ostera, inoizko handiena.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!