Oñatiko udala

100en bat boluntario behar dira Elikagaien Bankurako bilketa handirako

2024/11/14
Card image cap
Azaroaren 22-23an egingo da herriko bost janari dendetan

  Urteko bigarren bilketa handia egingo du Gipuzkoako Elikagaien Bankuak, azaroaren 22 eta 23an. Bergara eta Oiartzungo biltegietako apal asko hutsik daude eta horiek betetzeko udazkeneko bilketa handia prestatzen ari dira jada. Oraingoa gainera, berezia izango da, Gipuzkoan batzen denaren zati bat Valentziara bidaltzeko konpromisoa hartu baita, bertako bankuen beharrak ere betetzeko.

  Elikagaiak utzi eta janari-bonoak eskuratzeko aukera jarriko da herritarren eskura. Oñatiko bost janari dendek bat egin dute kanpainarekin: Arantzazu Ama kaleko eta Errekaldeko Eroski dendek, San Migel kooperatibak, Olakuako BMk eta Errekaldeko dendak. Guztietan boluntarioak behar dira, laguntzaileen presentziak jasotzen den kantitatean eragiten duela ikusi baitute antolatzaileek.

  ACESMA elkartea arduratzen da Oñatin boluntarioak topatu eta hauen lana koordinatzeaz. Dagoeneko hasi dira boluntarioen izenak hartzen eta zuzenean elikagaien bankuko onuradunengana jo dute laguntza eske. Baina boluntario gehiago behar dira herriko ia denda guztietan bi eguneko txandak betetzeko. Horregatik, laguntzeko gertu dauden herritarrei Ibis Rodriguezekin harremanetan jartzea eskatzen zaie, telefono zenbaki honetara deituta: 688 846 293. Boluntarioei zein lan egin behar duten azalduko zaie eta lagundu dezaketen egun eta ordu tarteen arabera txandak betetzen joango dira. Bi orduko txandak betetzeko 100nen bat boluntario beharko dira. Denda batzuetan elikagaiak jaso ez ezik janari bonoak jarriko dira bezeroen eskura. Baina azalpenak, sartu orduko emango dizkiete boluntarioek. Hauek arduratuko dira baita ere herritarrek emandako elikagaiak jaso eta sailkatzen.

  107 familia onuradun ditu egun Elikagaien Bankuak Oñatin. Azken hilabeteotan nahikoa egonkor dago, Ibis Rodriguezek zehaztu digunez. Oñatirako ez ezik, Bergarako Elikagaien bankurako ere boluntarioak behar dira, bereziki, bilketa egin ondorengo egunetan jasotakoa egoki gordetzeko. Astelehenetik aurrera laguntzeko gertu daudenak Bergarako arduradunekin harremanetan jarri daitezke, beste telefono honetara deituta: 943 76 21 90.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!