Oñatiko udala

100en bat boluntario behar dira Elikagaien Bankurako bilketa handirako

2024/05/13
Card image cap
Maiatzaren 24-25ean egingo da herriko bost janari dendetan

  Urteko lehen bilketa handia egingo du Gipuzkoako Elikagaien Bankuak, maiatza amaieran, 24 eta 25ean. Bergara eta Oiartzungo biltegietako apal asko hutsik daude eta horiek betetzeko udaberriko bilketa handia prestatzen hasi dira jada. Elikagaiak utzi eta janari-bonoak eskuratzeko aukera jarriko da herritarren eskura. Oñatiko bost janari dendek bat egin dute kanpainarekin: Arantzazu Ama kaleko eta Errekaldeko Eroski dendek, San Migel kooperatibak, Olakuako BMk eta Errekaldeko dendak. Guztietan boluntarioak behar dira, laguntzaileen presentziak jasotzen den kantitatean eragiten duela ikusi baitute antolatzaileek.

 ACESMA elkartea arduratzen da Oñatin boluntarioak topatu eta hauen lana koordinatzeaz. Dagoeneko hasi dira boluntarioen izenak hartzen eta zuzenean elikagaien bankuko onuradunengana jo dute laguntza eske. Baina boluntario gehiago behar dira herriko ia denda guztietan bi eguneko txandak betetzeko. Horregatik, laguntzeko gertu dauden herritarrei Ibis Rodriguezekin harremanetan jartzea eskatzen zaie, telefono zenbaki honetara deituta: 688 846 293. Boluntarioei zein lan egin behar duten azalduko zaie eta lagundu dezaketen egun eta ordu tarteen arabera txandak betetzen joango dira. Bi orduko txandak betetzeko 100nen bat boluntario beharko dira.

  Eroski dendetan eta BMn elikagaiak jaso ez ezik janari bonoak jarriko dira bezeroen eskura. San Migel kooperatiban eta Errekaldeko dendan elikagaiak jasoko dira soilik. Hori guztia adierazi eta batutako elikagaiak sailkatzeko boluntarioak behar dira.

  107 familia onuradun ditu egun Elikagaien Bankuak Oñatin. Orain urtebete inguru maila gorenera iritsi zen laguntza jasotzen zutenen kopurua baina onuradun bakoitzaren beharrak aztertu eta zerrendak eguneratu ziren eta kopurua jaitsi zen. Azken hilabeteotan nahikoa egonkor dago, Ibis Rodriguezek zehaztu digunez.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!