Oñatiko udala

100 erabiltzaile eta lau hezitzailerekin ekin dio urteari Txipistin programak

2025/01/21
Card image cap
Izen-ematea hiru hilabetean behin betetzen da, kalitatezko zerbitzua bermatzeko

  Txipistin jatorri anitzeko oñatiarren programa, LH-1etik DBH-4. mailara, 6-16 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzenduta dago. Hasieran, haurrak herrira iritsi ahala txertatzen ziren taldeetan baina egun, hiru hilabetean behin bete behar da izen-ematea. Horrela, aurreikuspenak denboraz egin daitezke, dauden beharrak identifikatu eta horietara egokitutako bitartekoak jarriz, zerbitzua egokituz. Unean uneko kopuruak aldakorrak izan ohi dira; 2022-2023 eta 2023-2024 ikasturteen hasieran 101 eta 103 erabiltzaile zituen zerbitzuak baina ikasturte honi 87rekin ekin zitzaion. Orain ordea, urtarriletik apirilera 100 neska-mutikok eman dute izena.

  Herrian erroldatuta dauden haurrez gain, Larraña etxera etortzen direnek ere parte hartzen dute Txipistin egitasmoan. Jakina da hauen egonaldia mugatua dela eta joan-etorri horiek esanguratsuak dira erabiltzaileen kopuruan. Txipistin zerbitzuaren oinarrizko egitura hiru hezitzailek eta koordinatzaile batek osatzen dute, baina 2022ko urte hasieratik laugarren hezitzaile bat ere aldika eeta orduka kontratatzen da, bere jarduna, beharraren arabera egokituz. Zerbitzuaren kalitatea bermatu nahi da horrela. Laugarren hezitzaile honek hilean 48 orduko lanjarduna izango du orain, 42 ordutan arreta zuzena eman eta prestakuntza lanak egingo ditu, beste 6 orduak, koordinaziorako izango dira.

  Haur edo nerabe bakoitzak ordubeteko bi saio betetzen ditu astean, astelehenetik ostegunera, eta hilean behin, ostiraletan, bi orduko inklusio ekintza bereziak egiten dira, adin tarteka. Txipistin zerbitzuan hainbat helburu lantzen dira haurren eta gazteen beharrak asetzeko: euskara gaitasunean trebatzea; eskola arrakasta bermatzeko laguntza eskaintzea; aisialdiaz era aktiboan, parte hartzailean, sortzailean eta osasungarrian gozatzea eta Oñatiko herritar aktibo bihurtzeko bertako bizi ohituretan eta jardueretan txertatzea, beti ere, norberaren jatorri eta ama hizkuntzaren balioa aintzat hartu eta kulturartekotasun balioetatik abiatuta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!