Oñatiko udala

1,6 milioi euroko ekarpena egingo dio Oñatiko Udalak Mankomunitateari 2024ko aurrekontuei aurre egiteko

2024/01/08
Card image cap
Udalen diru ekarpena ia %10 jaso da, iaz 2022ko aurrekontuak luzatu ondoren

  Abenduaren 21eko Gobernu Juntan onartu zuen Mankomunitateak 2024ko aurrekontua, aho batez. Debagoienako mankomunitateak ia 12.703.000 euroko aurrekontua izango du aurten, 2022koa luzatuta iaz izan zena baino % 4,5 txikiagoa. Mankomunitatearen sarrerak gutxitu egingo dira 2024an, kapital transferentziak eta aktibo aldaketak kapituluetan, nagusiki. Ondorioz, sarreren kapitulu orokorrean %10eko jaitsiera zehaztu da. Gastuetan berriz, kasik hainbesteko igoera aurreikusten da, bereziki pertsonal, gastu arruntak eta aktibo aldaketak kapituluetan.

  Hasi berri dugun urte honetarako aurrekontuetan finkatu diren 12,7 milioi euroko gastuei aurre egiteko 9,5 milioiko ekarpena egingo dute Mankomunitatea osatzen duten udalek. Aurrekontu orokorra jaitsi den arren, udalen ekarpenak ia % 10 handituko dira aurten.

  Udalen ekarpena zehazterakoan zerbitzuen araberako irizpide ezberdinak erabiltzen dira. Irizpide orokorra biztanleen araberakoa da eta zerbitzu orokorretan, garapen agentzian eta turismoan aplikatzen da. Beste zenbait ataletan aldiz, erabiltzaile kopuruaren arabera zehazten da udal bakoitzaren ekarpena. Herriko jarduera ekonomikoari ere begiratzen zaio hainbat zerbitzuren erabilera neurtzeko, herrian dauden industria eta merkatal lokalak kontutan hartzen baitira eta hauek dituzten langileen arabera mailakatzen dira. Aldagai guztiak neurtu eta kalkulatuta, Oñatiko Udalak 1.599.990 euroko ekarpena egingo dio Mankomunitateari aurten, 2023an baino % 9,34 gehiago. Kontu egin behar da, lehen esan bezala, Mankomunitatearen aurrekontuak luzatu egin zirela iaz eta, teorian, igoera 0 egon zela, nahiz eta Oñatiko Udalak onartutako aurrekontuetan partida handiagoa zuen. Beraz, praktikan, ez da hainbesteko igoerarik izango aurten.

  Oñatiko Udalaren ekarpena jaso den bezala jaso dira gainontzeko udalenak ere; Arrasate eta Oñatikoa, bataz bestearen goitik jaso dira, gainontzeko sei udalenak, bataz bestekoaren azpitik. Oñatik, Bergarak eta Arrasatek gainera, 14.500 euroko ekarpen berezia bana egingo diote Mankomunitateari Elorregiko autobus geltokiaren garbiketa eta mantenu lanen ordainetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!