Oñatiko udala

1.100 oñatiarrek gripearen kontrako txertoa hartu dute, kanpainaren lehenengo 15 egunotan

2021/11/03
Card image cap
70 urtetik gorakoei koronabirusaren kontrako hirugarren dosia hartzeko aukera ere eskaintzen zaie

  Eta gehienek baiezkoa ematen dutela adierazi digute anbulatorioan. Hala ere, zenbaitek bi txertoen artean egun batzuk pasatzen uzteko hautua egiten duela ere zehaztu digute. Gainera, kontu egin behar da, Covidaren kontrako bigarren dosia hartu zenetik 6 hilabeteko tartea egon behar dela eta 70-80 urte bitarteko askok orain azaroan beteko dituzte sei hilabete horiek. Beraz, nagusiki, 80 urtetik gorakoei jarri zaie gurean Covidaren aurrean babesteko txertoaren hirugarren dosia.

  Orain bi aste, urriaren 18an hasi ziren gripearen kontrako txertoa jartzen osasun etxean eta dagoeneko 1.100 herritar txertatu dira. Horien artean sartzen dira bai anbulatoriora joan direnak baita San Martin egoitzako egoiliarrak, Eguneko zentroko erabiltzaileak eta komunitatean bizi diren moja eta fraideak ere.

  Prebentzio kanpaina honen lehen astetan arrisku bereziko ohiko taldeak txertatu nahi dira: 65 urte edo gehiago dutenak, gaixo kronikoak, haurdun dauden emakumeak eta osasun eta zaintza arloan diharduten profesionalak. Baina azaroaren 25etik aurrera gainontzeko herritarrei emango zaie txertoa hartzeko aukera, iaz egin zen bezala. Horretarako hitzordua eskatu beharko da anbulatoriora deituta edo osakidetzako web atariaren bitartez.

  Gripearen kontrako txertaketa kanpaina Gabonak arte luzatzea aurreikusten da, nahiz eta osasun arduradunek data finkorik ez duten jakinarazi.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!