Udako turismo kanpaina aurkeztu da goizean
Turismoa, euskara eta tokian tokiko produktuak sustatzeko asmoa duen kanpaina antolatu du Udalak. Aurtengo uda berezia izango dela diote turismo eragileek, pandemiaren ondorioz, bidaiatzeko eta atseden egunak antolatzeko modua aldatu behar izan da. Uda honetan inguruko jendea izango da nagusiki turista moduan herrira hurbilduko dena. Covid-19ak eragindako krisi garaian datorren turismo kanpaina ere bada aurtengoa. Guztia uztartuz, eta herriko ostalaritza eta merkataritza suspertzeko aukera moduan probestuta, turismoa, tokian tokiko ostalaritza eta merkataritza eta hizkuntza eskutik datoz aurten Oñatin.
Udako turismo kanpaina honetan bitarteko ezberdinak erabiliko dira herriko eskaintza ezagutzera emateko. Alde batetik, Oñatin egin daitezkeen bisita aukera ezberdinak eta herria ezagutzeko gomendioak biltzen dituen esku-orria prestatu da. Esku-orrian hiztegi txiki bat ere jaso da, euskarazko hainbat hitzen espainiera, katalanera, galego, frantses eta ingelesezko itzulpenarekin, bisitaria, edonongoa delarik, agurrak edo esker-ematea euskaraz nola egin jakin dezaten. Hiztegitxo hori oinarri duten mahai-oihalak ere egin dira, UEMA, Udal Euskaldunen Mankomunitatearekin batera. Mahai-oihalak otorduak eskaintzen dituzten taberna eta jatetxeetara banatuko dira. Halako 10.000 ale eskuratu dira.
Udako turismo kanpainaren aurkezpenean parte hartu duten turismo bulegoko arduradunek eta jatetxeetako ordezkariek azpimarratu dute beharrezkoa dela aurrez erreserbak egitea, dena ondo antolatu ahal izateko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!