Oñatiko Turismoaren Ekintza Plana diseinatzeko faseari ekin zaio, sektoreko profesionalekin lehentasunak zehaztuz
Atzo arratsaldean burutu zen Oñatiko turismo arloko ekintza plana zehazteko lehen lan saioa, aurreko fasean identifikatutako 64 ekintza proposamenen lehentasun maila adosteko helburuz.
Oñatiko Turismo Plan Estrategikoa eguneratzeari iaz ekin zion udalak, Lurdes Romano oñatiarrak zuzentzen duen Beinke enpresaren gidaritzapean. Lehen fasea diagnostiko eta analisiarena egin zen, orain ekintza plana zehaztuko duen fase estrategikoari ekin zaio eta ondoren, fase operatiboa etorriko da, hau da, ekintzen gauzatzea, beti ere, aurrez markatutako lehentasunen arabera.
Diagnostikoaren fase horretan bost erronka identifikatu zirela aurreratu zuen atzokoan Beinke enpresako arduradun Lourdes Romanok: kudeaketa; helmuga turistiko arduratsu eta iraunkorra; kalitatezko ekintza turistiko esperientzia eta lehiakorra garatzea; Oñati marka zabaltzea eta eskualde mailan garatu beharreko lehiakortasuna.
Aipatu bost erronken inguruan antzemandako hutsune edo beharrak betetzeko balizko 64 ekintza identifikatu ziren. Horietako 20 dagoeneko martxan dira eta 10 berriz, ez lirateke udalaren eskumen soilekoak, beraz, beste erakunderen batzuekin elkarlanean garatu beharko lirateke. Baina zer, noiz, norekin eta nola egin zehaztu beharko da ekintza plana osatzeko fase honetan, beti ere, 2021-2025 eperako lana litzatekeela kontuan hartuta. Turismoa garatzeko plan operatibo eta errealista egitea da helburua, adostua eta partekatua, beharrezkoak jotzen diren beste administrazioak ere inplikatuz.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!