Oñatiko udala

Kontraste faseari ekingo zaio Partaidetzako arautegia osatzeko prozesuan

2019/11/13
Card image cap
Azaroaren 19, 26 eta abenduaren 4an elkarte eta eragileekin bilerak egingo dira arautegiaren zirriborroa azaldu eta ekarpenak jasotzeko

  Udalak urteak daramatza partaidetzan oinarritutako gobernantza eredua lantzen; irekia, hurbila eta gardena izan nahi duen eredua. Esperientzia bat metatu da jada arlo honetan: Herrijorran prozesua, ELTZIA, aurrekontu parte-hartzaileak dira horren adierazgarri, besteak beste. Urteetako ibilbide honetan asko ikasi dela adierazi dute udal arduradunek, baina forma eman eta egituratzeko unea iritsi dela deritzote. Hala, etorkizunera begira, gidalerro eta oinarri izango den Partaidetza arautegia osatzen ari dira.

  Arautegiak bi alde ditu, barrura begirakoa edo barne antolaketarako oinarria: irekiera, gardentasuna, publizitate aktiboa edota herritarrekiko zuzeneko arreta nola egin beharko litzatekeen lantzen duen atala, batetik, eta kanpora begirakoa, hau da, parte-hartzea bera, bestetik. Arautegia moldatzeko orain arteko esperientzia eta gisa honetako lanketa egina duten beste herri eta hirietako araudiak hartu dira oinarri moduan, beti ere, Oñatira egokituta eta herriko eskarmentutik ikasitakoa barneratuta.

  Hastear dagoen Kontraste fasean idatzi den zirriborroa herritarrei aurkeztuko zaie eta haiekin osatuko da. Hiru saio antolatu dira bakarrean lantzea astunegia litzatekeelako. Saio bakoitza, eragile edo norbanako ezberdinei zuzenduko zaie.  Lehen saioa datorren asteartean, azaroaren 19an egingo da elkarteetako ordezkariekin. Elkartegintzarekin lotutako gaiak landuko dira, elkartegintza sustatzea eta elkarlan publiko-soziala, esaterako. Azaroaren 26an egingo den bigarren saioa herritarrei zuzenduko zaie eta herritarren parte hartzerako eskubideak eta parte hartzeko gune eta bideak, nahiz prozesu parte hartzaileak sustatzeko aukerak landuko dira. Azkenik, abenduaren 4an bestelako eragileekin elkartuko dira, parte hartzeko guneen atala lantzeko: kontseiluak, batzordeak, foroak eta abar.

  Saio guztietan landu den ordenantzaren zirriborroaren berri emango da. Saioak gidatuak izango dira, idazketa prozesuan laguntzen ari den EMUN kooperatibako ordezkariek dinamizatuta.

  Oso aurreratua dagoen zirriborroa osatzea da Kontraste fasearen helburua. Ekarpenak jaso eta arautegian txertatuta, azken aurkezpena egingo zaie herritar eta eragile guztiei, proposatutakoa zuzen islatu dela ikusteko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!