Ikastetxeen inguruko espazio publikoa eraldatuko da astelehenetik aurrera, osasun neurriak bermatzeko
Oñatiko ikastetxeek eta Udalak elkarlanean eskolen inguruko espazio publikoak egokitzea adostu dute, Covid 19ari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriak bermatu ahal izateko. Helburuak bi dira oinarrian: ikastetxerako sarrera eta irteerak ahalik eta arinenak eta mailakatuenak izatea, pilaketak saihestuz eta segurtasun-distantzia errespetatuz, eta ikasleen eta hezkuntza-komunitate osoaren mugikortasun seguru, autonomo eta jasangarria erraztea eta sustatzea. Ikastetxe aurrealdeetan espazio gehigarria hartuko da oinezkoen segurtasuna bermatuz, eta aldi berean, eskolara oinez, patinetez zein bizikletaz joatea sustatu nahi da.
Astelehenetik aurrera egingo diren aldaketak ez dira berriak, lehenago ere egin direlako Mugikortasun Iraunkorrerako Asteen baitan. Oraingoan dena den, iraupen luzeagoaz gauzatuko dira.
Urgain-Errekalde eskolan, sarrera nagusian dagoen parkina oinezkoentzako espazio bilakatuko da; Txantxiku ikastolan, kiroldegi aurreko aparkaleku plazak oinezkoen erabilerarako egokituko dira eta Elkar Hezi ikastetxeari dagokionez, Arantzazu Ama kaleko errai bat moztuko da ikastetxe parean. Elkar Hezi aurrealdean egingo den aldaketa honek trafikoan eragin zuzena izango du, kalea, norabide bakarreko bihurtuko baita. konkretuki, goranzko norabideko kale. Horrek esanahi du Roke Azkuneko errotondatik gora joan ahal izango dela. Eroskitik edo inguruko etxeetatik irteten direnek ere gorantz joan beharko dute halabeharrez. Arantzazuko Ama kalera sartzeko, trafikoa saihesbidera eta Roke Azkune pareko errotondara bideratuko da.
Aldaketa hauek guztiak astelehenetik eta irailaren 25era arte gauzatuko dira, hasiera batean. Ondoren, hezkuntza komunitateak eta Udalak eraginkortasuna baloratuko dute, neurri horiei jarraipena eman ala ez erabakitzeko. Herritar guztion inplikazioa, elkarlana eta ardura eskatzen dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!