Oñatiko udala

“Oxigenoa euskarari 6000 metrora ere” ekimenean parte hartzen du Txantxiku ikastolak

2018/02/15
Card image cap
Euskal Herriko 15 gaztek Himalaian mendi zeharkaldia egingo dute udazkenean, tartean hainbat oñatiarrek

  Oxigenoa euskarari 6000 metroan ere egitasmoak euskara eta mendizaletasuna uztartzen ditu eta herrien arteko elkartasuna, hizkuntza gutxituei babesa ematea, ikasleen autogestioa eta euskara munduan zabaltzea ditu helburu. Euskal Herriko zazpi probintzietako 15 gazte eta 10 sherpa gazte harremanetan jarriko dira Nepalen, Everest inguruan treking-a egiteko. Gidari, Felipe Uriarte izango dute. Gipuzkoako ordezkariak Txantxiku ikastolako 15 -17 urte bitarteko ikasleak izango dira.

  Euskal Herrian osatu den taldeak elkarlanean jardungo du espedizioa prestatzen: laguntza ekonomikoa bilatzen, proiektua gizarteratzen edota beharrezko materiala prestatzen. Horretarako, urtean zehar, topaketak antolatuko dituzten, lanen jarraipena egin eta espedizio taldea elkar ezagutzeko. Taldearen lehen topaketa Oñatin bertan egingo da asteburuan.

  Espedizio taldea azpitaldetan antolatuko da finantzaketa, material pertsonala, argazkigintza eta bideo lanketa, komunikazioa eta beste zenbait alorretako lanak banatuz. Azpitalde bakoitzak bere ikastolan babes taldea sortuko du, egokitutako arloan laguntzeko. Azaroan jarri zen martxan oxigenoa euskarari 6000 metroan ere egitasmoa eta hiru hilabete hauetan probintzia bakoitzeko taldeak eta babes taldeak sortu eta aktibatu dira.

  Espedizioko kideen lehenengo topaketa Arantzazu-Oñatin egingo da asteburuan. Larunbat arratsaldean elkartuko dira eta orain arte egindako lana partekatuko dute, datozen hilabeteetan egin beharrekoak eta nola aurre egin zehaztuko dituzte. Denek elkarrekin afaldu eta gaua pasako dute Arantzazuko aterpetxean, hobeto ezagutzeko, eta domekan, mendi zeharkaldia egin ondoren herriko elkarte batean bazkalduko dute. Oñatiko topaketa honetan ekimenaren gizarteratzea nola egingo duten erabakiko dute. Aurkezpen nagusia Baigorrin egingo da datorren hilabetean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!