Etxez etxeko laguntza zerbitzua arautzeko udal arautegiaren proiektua

 

Oñatiko Udalak etxez etxeko laguntza zerbitzua eskuratzeko, emateko eta kofinantziatzeko baldintzak arautzen dituen Udal Erregelamendua berri bat onartzea sustatu nahi du.

Hori dela eta, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 133. artikuluan ezartzen duena betetzeari begira, egin eta izapidetu nahi dugun proiektua azaltzeko memoria hau idatzi da.

Ekarpenak egiteko epea:

2018/07/20ra arte.

Ekimenaren bitartez konpondu nahi diren arazoak

Gaur egun, bai Oñatin eta bai Gipuzkoako Lurralde Historikoko beste udalerri batzuetan, etxez etxeko laguntza zerbitzua udal erregelamenduen bidez arautzen da. Erregelamendu horiek denek 2005. urtean Eudelen eta GFAren artean lortutako esparru akordioan sinatu zen testua dute oinarri. Alabaina, azken urteetan lege aldaketa handiak izan dira eta erakunde arteko hainbat akordio ere lortu dira, zerbitzua hobetzeko eta finantzaketa bermatzeko; hortaz, udal erregelamenduak horren arabera egokitu beharra dago.

2006ko abenduaren 14ko 39/2006 Estatuko Legeak, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoak, eta 2008ko abenduaren 5eko 12/2008 Euskal Legeak, Gizarte Zerbitzuei buruzkoak, eragin nabarmena izan dute gizarte zerbitzuen esparruan, oro har, eta mendekotasunari arreta ematearen eta desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideak bermatzearen esparruan, berezik.

Zehazki, 2008ko abenduaren 5eko Gizarte Zerbitzuen 12/2008 Legeak erantzukizun publikoko gizarte zerbitzuen sistema integratua antolatu eta egituratzen du, Euskal Autonomia Erkidegoan herritar orok gizarte-zerbitzuen euskal sistemako gizarte zerbitzuak jasotzeko duen eskubide subjektiboa bermatzeko, eta horretarako:

2. artikuluan ezartzen du Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazioez eta zerbitzuez baliatu ahal izatea eskubide subjektiboa izango dela, betiere sistema horretaz baliatzeko ezarritako baldintza orokorren eta prestazio edo zerbitzu bakoitzaz baliatzeko araututako baldintza berezien barruan.

22. artikuluan, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoa definitzen du, eta horien artean sartzen du etxez etxeko laguntza zerbitzua. Hain zuzen, 27. artikuluan, lehen mailako arretako gizarte zerbitzuen barruan jasotzen du zerbitzu hori, eta halakoak, aldi berean, udalen eskumenen barruan sartzen ditu 42. artikuluan.

185/2015 Dekretuak, urriaren 6koak, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen zorroari buruzkoak, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legea garatzen duenak, aipatutako eskubide subjetiboa zedarritzen du, Gizarte Zerbitzuen Legearen katalogoan zehazten diren baldintzak, irizpideak eta prestazioetarako eta zerbitzuetarako sarbidea erregulatuz.

Beraz, etxez etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen udal erregelamendu berri honen helburua, udal araudia araudi berrira egokitzea da, baina, horrez gainera, erregelamendu berriak, hobetzeko hainbat alderdi jasotzen ditu, denak ere aurrerago aipatuko ditugun erakunde arteko akordioetan identifikatuak eta jasoak.

Arau hori onestea beharrezko eta egoki den

Nahiz eta, Gizarte Zerbitzuen 12/2008 Legearen arabera, zerbitzu hori emateko eskumena udalek duten, Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Mahaian adostu dute etxez etxeko laguntza zerbitzua kofinantziatzea 2017-2019 aldian.

Finantzaketa horri lotuta, lankidetza hitzarmen bat sinatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Oñatiko Udalak, kudeaketa publikoaren eraginkortasuna eta etxez etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileentzako arreta hobetzeko asmoz.

Apustu hori egin da etxez etxeko laguntza zerbitzuaren ezaugarri hauek kontuan hartuta:

  • Erabiltzailea gizarte zerbitzuetara lotzen du eta erraztu egiten du kasuaren jarraipena egitea.
  • Zerbitzuaren kalitatea kontrolatzen laguntzen du.
  • Errazago egiten dira behar pertsonalen, zerbitzuaren intentsitatearen eta kasu bakoitzean behar diren gaitasun profesionalen arteko egokitzapenak.
  • Etxean arreta soziosanitarioa emateko bidean aurrera egiten laguntzen du.
  • Enplegu egonkor, arautu eta gardena ziurtatzen du.

Beraz, hala arau esparru berria nola lortutako erakunde arteko akordio berria aintzat hartuta, beharrezkoa da erregelamendua aldatzea, errealitate berriari arlo guztietan erantzuteko.

Arauaren helburuak:

Udalaren erregelamendu honen bidez arautzen da etxez etxeko laguntza zerbitzuaz baliatzeko jarraitu beharreko prozedura, haren beharra duten pertsonei balioespena egin, eskubideak aitortu eta arreta pertsonalizatua emateko plana egin ondoren.

Bestalde, zerbitzua ere definitzen du, hau da, zerbitzuan zer sartzen den eta zer ez den sartzen zehazten du, herritarrek zer eskubide dituzten jakin dezaten.

Halako zerbitzuez baliatzeko prozedurak hainbat baldintzatzaile ditu, eta horien artean nabarmendu nahi dugu zerbitzu mugatuak direla (intentsitate aldetik eta zaintza zerbitzu motaren aldetik) eta modu partekatuan ordaintzen direla, baremo bat aplikatuz. Halako kontuak ere arautzen dira hemen.

Erregelamendu honek erakunde arteko akordioak ere jasotzen ditu, hala nola: intentsitate malguagoak jartzea; zerbitzua, hainbat mugekin,urteko egun guztietan ezartzea; modu urgentean baliatzeko modalitatea sendotzea; eta hainbat profiletako jendeak zerbitzuaz baliatzeko aukera izatea.

Izan litezkeen bestelako aukera erregulatzaile eta ez-erregulatzaileak

Kasu honetan, erregelamendu bat onartzea neurri egokiena litzateke gizarteak izandako bilakaerari erantzungo dion etxez etxeko laguntza zerbitzuaren funtzionamendua arautzeko: adineko pertsonen hazkunde demografikoa, adin piramidearen aldaketa, familia harremanek babes agente gisa izan duten aldaketa eta gizarte zerbitzuen aldaketa. Horiek dira bizitza oso bat izateko beharrezkoak diren zerbitzuak definitzea sustatzen ari diren faktore garrantzitsuenetako bat, are gehiago mendetasun maila altua duten edo babes sozialik gabe dauden pertsonen kasuan.

Pertsonei beren mendetasun mailakatuan laguntzeko zerbitzuak nola eman pentsatu eta zehazteko, lehentasunezkoa da pertsona horiek ahalik eta denbora gehien beren etxean geratzeko nahia kontuan hartzea, bizitza osoan zehar izan duten erreferentziazko sare soziala mantenduz. Alabaina, etxebizitzaren inguruak, sarbideek, komunitateak dituen laguntza-zerbitzuek eta abarrek beste alderdi asko kontuan hartzea eskatzen dute, eta mendetasuna duen pertsonaren bizitza garatzeko aukerak mugatzen dituzte.

Mendetasun egoeran edo mendetasun egoeran egoteko arriskuan dauden pertsonei arreta emateko behar horrekin batera, egoera sozial konplexuak sortzen ari dira. Izan ere, zaurgarritasun edo ahultasun sozialeko egoeran bizi diren familia batzuek, beren beharrizanek oinarrizko arreta jaso dezaten, etxez etxeko laguntza behar dute.

Horrela, eguneroko bizitza jasangarriago egiteko, babes eta laguntza-zerbitzuak eskuragarri izateaz gain, zaurgarritasun edo ahultasun sozialeko egoerak jasaten dituzten edo mendetasun egoeran dauden pertsonek beren etxeetan eta komunitateetan haiek zaintzeko zerbitzua izatea ezinbestekoa da, askotariko beharrizanetara egokitzeko eta denbora tarte ezberdinetan zatikatzeko gai izango dena, larrialdiak bere gain hartuko dituena eta zerbitzuaren beharretan eman litezkeen aldaketei bizkortasunez erantzun ahalko diena. Zentzu horretan, etxez etxeko laguntza Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman garrantzi estrategikoa duen zerbitzua da, elkarbizitzarako sostengua ematen baitio gizartean eta familian. Izan ere, sostengu hori ezinbestekoa da pertsona askoren bizi-kalitaterako eta lan-bizitza eta familia uztartzeko, emakumeen kasuan bereziki. Erabiltzaileek eta beren inguruak, familiak zein auzokideek aintzat hartzen duten zerbitzua da, eta pertsona askoren bizi-kalitatea bermatzen du (adinekoak, mendetasun egoeran dauden pertsonak, familiaren zama handia duten pertsonak).

Dokumentuak

 EELZ proiektua azaltzeko txostena.pdf