Oñatiko udala
Etxearen barne antolaketa
2023/07/13

Aurkezpena

Barne antolaketa ireki eta malgua izango du Emakumion Etxiak.
Card image cap

Etxearen izaerak erabaki batzuk baldintzatuko baditu ere, arkitektoek azaldu dute parte-hartze prozesuan egindako hainbat ekarpen etxearen lanetan aplikatzen ari direla dagoeneko.

Oñatiko Emakumion Etxiaren barne antolaketa erabakitzeko hiru lan saio egin dira eta horren emaitza izan da atzo Eltziako topagunean aurkeztu zena. Juntura arkitekto taldeak izan du ekarpen horiek guztiak jaso eta planoetara eramateko ardura eta, aurkezpenean azaldu modura, aurreproiektu ireki eta malgua osatu dute. “Ez dugu espazio bakoitza jarduera batera egokitu. Eman daitezkeen jarduera guztiek zein ezaugarri beharko lituzketen pentsatu dugu eta horren araberako espazioak pentsatu”, azaldu zuten Junturako Maite eta Edurne arkitektoek; “modu horretan, ez dago espazio bakoitza jarduera bakar bati lotuta, altzari, gortina eta bestelako baliabide malguen bitartez, espazio berdinak erabilera ezberdinak izan ditzake”.

Etxean orain egonkortze lanak ari dira egiten, barruzko zurezko egitura eta estalki guztia desmuntatu da. “Eta hori egitean eta datazioak egin direnean, pieza bereziak atera dira ondare aldetik. Hori dela eta, pieza horiek presentzia izango dute azken emaitzean. Harribitxi bat da horrelako zerbait izatea, garrantzitsua da hori balioan jartzea eta ondarea mantentzea. Eraikinaren menpe gaude baina hasieratik geneukan erronka bat zen”, azaldu zuten arkitektoek.

Gauzak horrela, proiektu ireki eta bizi bat aurkeztu zuten Junturak. Erabilerak sortuko dituen beharrak ez mugatzeko eta erabilera hori emango dioten emakumeek erabaki ahal izateko, behin etxea martxan dagoenean.

Barne banaketa azken lan saiotik ezer gutxi aldatu da. Solairu bakoitzak pribatutasun maila ezberdinak izango ditu. Kale Zaharreko aldean, bisibilizazio edo publikotasun handia duten ekintzak planteatzen dira, behe solairua gune publikoena izango da eta eraikina kalearekin harremanduko da. Ahalik eta gutxien mugatu da beheko solairua, harremanak sortzeko espazio atsegin bat izan dadin. Harrera espazio bat egongo da, etxearen altuera aldaketa egiteko grada batzuk, sukalde txiki bat altzari mugikor handi batekin, zerbitzuak… Aurretik aipatu bezala, bi ate izango ditu etxeak. Kale Zaharretik sarrera nagusia eta Aita Madina-tik pribatutasun handiagoa eskaintzen duena.

Lehenengo eta bigarren solairuak birplanteatu egin dira hasierako proposamenetik, oñatiarren ekarpenak aintzat hartuta. Horrela, teilatupeko espazioa, argitasun atsegina izan dezakeelako eta erabilera handiagoa eman nahi zaiolako, sormen gunea izango da eta lehen solairuan kokatuko dira bi bulego, zerbitzu ezberdinetarako. Lehen solairu horretan beste gela handi bat geldituko da ekintza ezberdinetarako.

Parte-hartze prozesuan hainbat emakume aritu dira lan saioetan erabakiak hartzen eta atzoko aurkezpenean lehen aldiz gerturatutakoekin proiektua elkarbanatzeko aukera ere izan zuten. Hala ere, Farapik gidatuta ariketa berezi bat egin zuten saio bukaeran, “ausentziak detektatzeko”. Alegia, zein emakume talde, zein ahots falta diren prozesu honetan zehar pentsatu eta horiengana iristeko zubilan aukerak aztertzea.

Entzun hemen Oñati Irratian egindako elkarrizketa.

IMG_5714.JPG
IMG_5721.JPG
IMG_5728.JPG