Topaketa
Martxan da Oñatiko Emakumion Etxia eraikitzeko parte-hartze prozesu irekia
Emakumion Etxia irudikatzeko parte-hartze prozesuaren lehenengo topaketa egin zen atzo. Eltzian atondutako gune goxo batean azaldu zituzten prozesuaren nondik norakoak Izaro Elorza alkateak eta Jone Arriolabengoa berdintasun teknikariak. "Prozesu zaindua nahi dugu izatea. Espazio erosoak sortzea eta zainduak sentitzea. Denok parte hartu ahal izateko baliabideak eskainiko ditugu", adierazi zuen Elorzak. "Tartean eztabaidak eta gatazkak ere sor daitezke eta horiei ere lekua emango diegu. Helburua akordiotara iristea izango da. Guztien erritmoak eta joan-etorriak errespetatuz". Arriolabengoak gaineratu zuen, 2020an Emakumeen Etxearen inguruko diagnostikoa egin zenean, guzti-guztiek etxearen beharra nabarmendu zutela. "Orain bi lan ildo ditugu: etxea eraberritzea eta parte-hartze prozesua. Biak eskutik joatea planteatzen dugu".
Parte-hartze prozesuak hainbat premisa izango ditu eta Udaletik ikuspegi komunitario, feminista eta ahalduntzailea nabarmendu zituzten, baita inklusioa, intersekzionalitatea eta elkarbizitza ere. Horrez gain, hiru konpromiso ere hartu ditu Udalak: proiektua martxan jartzeko beharrezko baliabide pertsonal eta ekonomikoak eskaintzea, aniztasuna kudeatzeko tresna egokiak eskaintzea eta parte-hartze prozesu zaindua eskaintzea.
Atzoko topaketan beste bi hizlari ere izan ziren gonbidatu. Maggie Bullen eta Carmen Diez antropologo feministek aztertu dituzten emakume etxe ezberdinen inguruko esperientziak partekatu zituzten. "Euskal Herriko emakumeen etxeetan ikusi dugu herritarren parte-hartze prozesu batekin hastea arrakasta eta jarraipena izateko gakoa dela. Ez dago beste modurik", esan zuen Bullenek. Diezek beharrizanaren inguruan hitz egin zuen: "Zergatik emakumeon etxea? Behar dugulako. Emakumeon espazio bat, gizonezkoen menpekotasunetik kanpo. Babes espazio bat, babes espazio ireki bat".
Oñatiko Emakumeen etxea sortzeko prozesua 2018an abiatu zen partaidetzazko aurrekontuetan egindako proposamenarekin eta 2020an emakumeen etxearen gaineko diagnostikoa burutu zen. Diagnostiko horrek, emakumeen etxearen beharra agerian uzteaz gain, parte-hartze prozesuaren oinarriak ezarri zituen, proiektuaren gainean egon zitezkeen adostasun eta desadostasunak agerian utziz.
Diagnostiko horretan oinarrituta eta Oñatiko Emakumion Kontseiluaren babesarekin, 2022 urtearen hasieran emakumeen etxea jasoko duen eraikinaren erosketa burutu zuen Udalak (Kalezaharra kaleko 13 zenbakidun eraikina). Atzo abiatu zen parte-hartze prozesuaren bitartez, etxearen edukiaren eta kudeaketa ereduaren gaineko hausnarketa egitea da helburua eta eraikinaren eraberritze lanak 2023an hastea aurreikusten da.
Aurretik, prozesuaren hurrengo fasean, beste emakume etxe batzuetako esperientziak ezagutu eta Oñatira zer ekar daitekeen pentsatzeko, bi bisita antolatu dira:
- Azaroak 4: Zumaia eta Azpeitiako emakumeen etxeak.
- Azaroak 18: Hernani eta Donostiako emakumeen etxeak.
Bisitetarak izen-ematea irekita dago. Parte hartu nahi duenak, berdintasuna@onati.eus helbidera idatzi edo 688621213 zenbakira whatsapp mezu bat bidal dezake.