Oñatiko udala
Ardatzen lurreratzea
2023/11/18

Oinarri eta balioak

Oinarri eta balioak lurreratzeko lan saioa egin du Emakumion Etxia Eraikitzen parte-hartze prozesuak.
Card image cap

Emakumion Etxia eraikitzen parte-hartze prozesuak ikasturte honetako lehenengo saioa egin zuen pasa den larunbatean. Hiru ordu pasatxoko lan saioa izan zen, beharrak hala eskatuta. Izan ere, orain arte definitutako oinarri teorikoa lurreratzea izan zen larunbatean planteatutako erronka. Etxearen ikusmira edo erronkak definitu ziren, horietara iristeko bidea nola egin nahi den adierazi zen, eta etxea zein balioren baitan eraiki nahi den adostu zen.

Horretarako, taldeen bidelaguntzan adituak diren Aise kooperatibaren dinamizazioa izan zuen saioak. Ariketa ezberdinekin, oinarri eta balio horiek definituz joan ziren, adostasunak zehaztuz eta zenbait kontzeptu birformulatuz.

Hainbat galdera ere luzatu zituzten dinamizatzaileek, besteak beste, ea zein ekarpen egingo dion bakoitzak Emakumion etxiari. Horrela, besteen ekarpena entzunda, bakoitzak besteengandik zer jaso dezakeen ere begiratzeko aukera izan zuen.

Saio honetan landutakoarekin, etxearen definizioa edo propositoa osatu nahi izan da. Urtarriletik aurrera, oinarri honen gainean eraikiko dira hurrengo erabakiak, parte- hartze prozesu honen baitan.

Hurrengo pausoak urtarrila eta ekaina artean

Urtarriletik aurrera eta ekainera bitarte saio zehatzagoetan sartuko da parte-hartze prozesua. Bi bloketan bereiztuko dira:

  1. Zer egingo da etxean? Zerbitzuak, ekintzak…
  2. Nola egingo da? Antolaketa, kudeaketa…

Eta datorren ikasturtean, etxearen azken egokitzapenekin batera, martxan jartzeko azken lanak aurreikusten dira. Oñatiko Udaleko Berdintasun eta Parte-hartze sailetako teknikariek adierazi zuten kontzeptuak zenbat eta gehiago lurreratu edo zehaztu, jakitun direla gero eta gehiago kostako dela adostasunetara iristea. Saioetan parte hartzen ari diren guztien inplikazioa eta esfortzua eskertzeaz gain, adierazi nahi izan zuten bereziki zaindu nahi dela hurrengo saioetan elkarrizketarako eta eztabaidarako espazio erosoak eta aberasgarriak sortzea, adostasunetatik eta desadostasunetatik, erabakiak josten jarraitzeko.

IMG_0075.JPG
IMG_0105.JPG
IMG_0129.JPG