Oñatiko udala
Jarduerak eta zerbitzuak
2024/01/27

Erabilerak eta erabiltzaileak

Oñatiko Emakumion Etxiaren erabiltzaileak, erabilerak eta mugak zehazteko saioa egin da parte-hartze prozesuaren baitan
Card image cap

Prozesua erabakitze fase betean sartuta dago eta Emakumion Etxia nork, nola eta zertarako erabiliko duen eztabaidatzeko aukera izan zen larunbatean.

Saioak bi zati nagusi izan zituen. Hasteko, etxean emango diren ekintza edo zerbitzuen inguruan hausnartu zen talde txikitan bilduta, ekintza eta zerbitzu horiek nori zuzenduko diren eta zein estrategiaren baitan. Eta nondik abiatu adosteko, orain arte landutako balio, xede eta misioetan lehentasunak finkatu ziren. Besteak beste, indarkeria matxistaren prebentzioa, ikusezina ikusgarri bihurtzea, ondo pasatzea eta gozatzea eta etxeak posizionamendu erlijioso edo alderdikoirik ez izatea izan ziren landutako lerroak.

Bestetik, etxean gertatuko diren gauzek zein muga izango dituzten edo zein gauza ez diren gertatuko jarri zen mahai gainean. Horretarako, bost ardatz izan ziren eztabaidagai: Jarduera ekonomikoak, elkarteak, gizonezkoak, adina eta hirugarrenei espazioen lagapena.

“Agian hasierako etapa astunagoa edo sakonagoa izan da, estrategiez eta oinarriez hitz egin dugulako. Baina garrantzitsua zen oinarria sendoa izatea, orain hartuko ditugun erabakietarako edo sor daitezkeen gatazketarako, edukitzeko helduleku bat”, azaldu zuen Jone Arriolabengoa Berdintasun teknikariak larunbateko saioaren aurkezpenean.

Fase honetan, gutxienez beste bi lan saio

Pasa den azken saio honetan bertaratutakoen gehiengoak hala erabakita, datozen saioak ere larunbat goizetan egitea adostu da. Beraz, otsaileko eta martxoko larunbat banatan egingo dira datozen bi lan saioak, eta asmoa da fase honetan landutako guztiarekin uda aurretik aurkezpen saio bat egitea.

 

photo1706611787 (3).jpeg photo1706611787 (5).jpeg photo1706611787 (9).jpeg