Oñatiko udala
Etxearen barne antolaketa
2023/06/22

Barne antolaketa III

Parte-hartze prozesuan erabakitako Emakumion Etxiaren barne antolaketa uztailaren 12an aurkeztuko da.
Card image cap

Oñatiko Emakumion Etxiak dagoeneko sustrai sendoak errotu ditu. Etxearen barne espazioen antolaketa erabakitzeko azken saioa izan zen atzokoa. Bertan hartutako erabaki eta jasotako ekarpenekin, Juntura arkitekto taldeak proposamen definitiboa osatuko du eta uztailaren 12an egingo da aurkezpen irekia.

Etorkizunean etxeak izango duen erabileran barne espazioen banaketak duen garrantziaz jabetuta, Emakumion Etxiaren barne antolaketa erabakitzeko hiru saio egin dira parte-hartze prozesuaren baitan. Atzoko saioa aurrekoetan adostutako premisak berretsi eta zalantza gehiago zorrarazten zituzten “patata beroak” argitzeko saioa izan zen.

Gauzak horrela, etxeak dituen hiru solairuen banaketa egiteko, erabaki da beheko solairua irekia edo publikoena izango dela, alde batetik bestera joateko aukerarekin, eta bi sarrera izango dituela: Kale Zaharretik sarrera nagusia eta Aita Madina kaletik pribatutasun handiagoa bermatzen duen beste sarrera bat. Dinamizatzaile baten beharra ikusten da eta honek bere harrera-bulegoa izan beharko duela.

Bestalde, diseinatu diren espazioak ez dira estankoak eta ez dira helburu edo erabilera bakar batera lotuko, momentuaren arabera modu batera edo bestera erabiliko dira. Horretarako, altzari mugikorrak planteatzen dira, baita mugikorrak izan daitezkeen beste elementu batzuk ere, intimitate bat edo akustikoki moldatzeko aukera eskaintzen dutenak.

Bigarren solairuan erabilera anitzeko gela handi bat aurreikusten da, eta baita zerbitzutarako bulegoak ere, pribatutasuna izango duen itxaron gela batekin. Hirugarren solairua teilatupean kokatzen da eta hemen ere askotariko erabilera publikoak izan ditzaketen espazioak kokatuko dira. Takila edo biltegi baten beharra ere azaleratu da, eragile ezberdinek euren materiala gordetzeko.

Zalantza handienak etxeak izan beharreko sukaldeak sortu ditu, kokalekuak batetik eta izan beharko lukeen pribatutasun edo publikotasun mailak bestetik, sozializatzeko eta ahalduntzeko espazio interesgarria izan daitekeelako askoren iritziz.

Atzoko ekarpenak jasota, uztailaren 12an aurkezpen saio ireki bat egingo da barne antolaketa azaldu eta hurrengo pausoen berri emateko.

IMG_5657.JPG
IMG_5687.JPG
IMG_0129.JPG