Kudeaketa eta gobernantza II
Galdera horiei erantzunez hasi genuen larunbatean “Kudeaketa eta gobernantza II” lansaioa. “Argi dago beti ez dela berdina izango gure parte-hartzea, gure momentuaren arabera, batzuetan ekarpena egingo dugu eta besteetan etxeak egingo digu ekarpena guri. Eta parte-hartze horiek guztiak dira zilegi”. Zentzu horretan, nabarmendu zen etxeak eskaini behar duela beti aritzen garen eremuez gain, beste batzuetan ere parte hartu ahal izatea, eta hierarkiak ekidin eta porositatea bermatu beharko direla. “Askotan parte hartzea parte-hartze politiko edo instituzional moduan ulertzen da. Eta horrek eramaten gaitu oso parte-hartze teknikora, instituzionalera. Eta beste parte-hartze moduak bigarren mailako jotzen hasi gara. Tradizionalki emakumeek egindako parte-hartzeak dira bigarren mailako moduan hartzen direnak. Etxean egotea ere bada modu bat eta egoteko moduak kontzienteak badira, programazioa egitea kontzientea bada… eraginkorrak izango dira, eta ez kasualitate bat”.
Parte hartzeko moduak mahaigaineratuta, aurreko saioan landutako etxearen zerbitzu eta jarduerak “parte-hartze eskilara” batean kokatzeko ariketa egin zuten bertaratutako emakumeek, udal teknikariek lagunduta. Eskilara horretan, lau maila bereizten dira: informazioa, kontsulta eta proposamena, koerabakia eta kogestioa. “Maila bakoitza ezin da ulertu aurreko koskarik gabe”. Eta etxekideak eta Udala, parte-hartze modu bakoitzean, zein eskilara mailatan kokatu beharko liratekeen zehaztu zuten. Noraino arduratu behar du bakoitzak? Zein beste eragilek har dezakete parte parte-hartze modu horri erantzuteko? Zein rol hartzen du eragile bakoitzak?
Hori dena nola antolatu adosteko eta kudeaketa eta gobernantzari itxiera emateko, hirugarren saio bat egingo da apirilaren 12an, ostirala, 17:00etatik 20:00etara. Bertan saiatuko gara definitzen zein antolaketa moduk erantzuten dion parte-hartze modu horiei.